Ondorioak ezaugarri orokorrek lausotu egiten dituzte dohain horiek: oliba olio birjina estraren zaporea eta usaina estalita geldi daitezke produktuaren zapore globalaren azpian, eta olioak nutrizioaren ikuspegitik eduki ditzakeen dohainek ez dituzte orekatzen aperitiboaren gabeziak, zeina zerealen irin finduekin egina dagoen. • Oliba olioa. Nahasian izaten ditu oliba olio findua eta oliba olio birjina. Horregatik da bestea baino apalagoa nutrizioaren ikuspegitik eta ikuspegi organoleptikotik. Eta horregatik da bestea baino merkeagoa. Horixe darabilte Frit Ravich (%31) eta Eroski etxeetakoek (%14). • Ekilore olioa, oleiko ugarikoa. Mios etxekoak horixe darabil, eta %24ko proportzioan ageri da. Ekilore labore aukeratuetatik lortzen da olio hori. Izenak adierazten duen bezala, gantz azidoen osaera desberdina du ohiko ekilore olioarekin alderatuta: azido oleiko gehiago eta azido linoleiko gutxiago. Oliba olioak ere antzeko balioak izaten ditu gantz azido horietan, nahiz eta gainerako osagaiak oso desberdinak izan; azken hori, dena den, osasungarriagoa da. • Ekilore olioa. Produktu gehienetan erabiltzen dena da, zehazki Snatt’setxekoan (%17) eta Sunbites eta Cuori Sour Cream produktuetan ere bai. Estimu gutxien duen olioa da aztertu ditugun guztietan, eta horregatik da merkeena ere. GANTZ KANTITATEA. Olioaren proportzioak baldintzatzen du gantz kopurua. Alderdi horretan, gantz kantitate aipagarria ageri dute Frit Ravich (%31) eta Mios (%24) etxeetakoek, eta berdin Sunbites markako biek ere (%21). Gehien nabarmentzen direnak, ordea, Airnuts etxekoak dira: almendraz egina dagoenak %49 du gantza, eta pistatxozkoak %44. Fruitu lehor horiek, izan ere, gantz asko izaten dute berez. Eta ulergarria da gantz saturatuak ere bi horiek izatea gehien, %5 lehenak eta %7 bigarrenak. Nolanahi ere, horrek ez gaitu eraman behar okerreko ondorioak ateratzera. Kontuan izan behar dugu gantz saturatu guztiak ez direla berdinak, eta, batez ere, kontuan hartu behar dugu elikagaia bere osotasunean. Gantzak eta gantz saturatuak kopuru aipagarrietan izan arren, fruitu lehorrak osasungarriak dira. Beste muturrean, Cuori etxeko produktuak daude: osotara, %10 inguru dute gantza. PROTEINAK, HIDRATOAK ETA ZUNTZA. Osagai nagusiaren araberakoa da proteina kantitatea. Hori garbi ikusten da Airnuts markako produktuetan: fruitu lehorrez eginak daude, eta %18 dituzte proteinak. Snatt’s eta Eroski produktuak, berriz, ilar irinez eginak daude, eta horiek ere dezente dituzte proteinak (%12). Zerealetan oinarritzen diren produktuetan %7,5 inguruan dabiltza proteinak, eta Frit Ravich etxekoa, barazkiz egina denez, besteak baino apalago dabil: %5 baino ez du mantenugai hori. Karbohidratoei begiratuz gero, alde handiak ikusiko ditugu Airnuts etxekoen eta gainerakoen artean. Lehenbizikoetan, %18 eta %25 artean dabiltza balioak, eta gainerakoetan, berriz, %57tik hasi (Frit Ravich eta Snatt’s) eta %73raino (Cuori oliba olioa). Zuntz kantitatean ere aldeak daude. Mantenugai hori kopuru handiagoetan ageri dute fruitu lehorretan oinarritzen direnek (Airnuts, %7-8), ilar irinez eginda daudenek (Snatt’s eta Eroski, %6 inguru) eta osoko zerealekin egindakoek (%6-7 inguru). Zereal finduekin eginda daudenek askoz gutxiago daukate zuntza (%1,6-%4,8 artean), eta berdin gertatzen da barazkiz eginda dagoenarekin (Frit Ravich, %1). KALORIAK ETA GATZA. Aurreko guztiaren ondoren, erraz ulertzen da zergatik dauden halako aldeak bakoitzak ematen duen energia kantitatean. Honako hauek ematen dute gehien: Airnuts (ia 600 kcal 100 gramo bakoitzeko), Frit Ravich (528 kcal) eta Mios (515 kcal), guztiek ere gantz asko dutelako. Gainerakoetan, Cuori Sour Cream etxekoak 408 kcal ematen ditu eta 479 kcal Sunbites itsas gatz ukitukoak; beste guztiak bi horien tartean dabiltza. Kaloria kopuruak kezka handia sortzen du aperitiboen artean, baina gatza ere kontuan hartu beharrekoa da, asko samar izaten baitute osagai hori ere, bai behintzat ohiko bertsioek. Gogoan har dezagun %1,25etik gora dabilenean gehiegizkotzat jotzen dela. Aztertu ditugun produktuetan hiruk bakarrik gainditu dute zifra hori: Cuori oliba olioa (%2,5), Cuori Sour Cream (%2,1) eta Snatt’s (%1,6). Gainerakoetan, gatza ez da iristen %1era. Bereziki nabarmentzen da Eroski etxeko produktua, oso gatz gutxi duelako (%0,2), eta ezaugarri hori nabarmendu egiten du ontzian. Hori oso kontuan hartzekoa da, gatz gehiegi hartzeak ondorioak izaten baititu bihotz-hodietako gaixotasunetan. Espainiako Estatuan, pertsona bakoitzak 10 gramo gatz hartzen ditu egunean, eta Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioa da ez hartzea 5 gramo baino gehiago. NUTRI-SCORE SISTEMAREN PUNTUAZIOAK. Nutri-Score sistemak lagundu egin gaitzake produktu horien osaera modu globalean ebaluatzen. Adibidez, pentsa genezake Airnuts produktuak ez direla gomendagarriak, gantz asko dutelako, gantz saturatu asko eta kaloria ere berdin. Baina zifra horiek fruitu lehorrei zor zaizkie; horregatik, nota ona lortzen dute Nutri-Score-n: A letra ageri du almendra daraman bertsioak, eta B pistatxoa daramanak. Eroskik ere A letra eskuratu du, gatz gutxi duelako eta zuntz asko. Gainerakoek C bat lortu dute, salbu eta Cuori oliba olioak eta Frit Ravichek; bi horiek D letra ageri dute. Puntuazio horiek hainbat arrazoirengatik lortu dituzte, besteak beste kopuru handietan ematen dituztelako gatza, gantzak eta kaloriak eta zuntz gutxi dutelako. ZENBAT EMATEN DU ERRAZIO BATEK? Nutrizio osaerari buruzko ebaluazioa produktuaren 100 gramo hartuta egiten da eta baliagarria izan daiteke konparazioak egiteko, baina batzuetan ez da oso errealista izaten, beti ez baita kantitate bera hartzen janaldi bakar batean. Errazioaren tamaina modu arbitrarioan ezartzen du ekoizleak berak; beraz, ez dago irizpide objektibo edo uniformerik erabakitzeko. Azkenean, janaldi bakar batean benetan hartzen dugun kantitatea hainbat faktoreren araberakoa da, adibidez poltsaren tamainaren araberakoa. Adibidez, kantitate nahiko txikia badu, Airnuts produktuetan gertatzen den bezala (50 bat gramo ontziak), litekeena da janaldi bakarrean bukatzea; aldiz, kopurua handiagoa bada, Mios etxekoan gertatzen den bezala, esaterako (150 gramo), baliteke zati bat bakarrik jatea, baina baliteke janaldi batean bukatzea ere. Irizpide bakar bati jarraitzeko, 50 gramoko errazioa hartuko dugu eredutzat. Hortik abiatuta, nabarmen aldatzen dira nutrizio arloko ekarpenak. Produktu batzuek gatz kopuru nabarmena emanez jarraituko lukete, Cuori etxeko bi bertsioek adibidez: %1 eta %1,25. Gantza eta kaloria kantitateak ere esanguratsua izaten jarraituko luke Frit Ravich etxekoan (%16 gantz eta 264 kcal). Kaloria kopuru hori hiru sagarrek ematen dutenaren antzekoa da, baina sagarrak osasungarriak dira eta ase egiten dute. ALDE HANDIAK PREZIOAN. Alde izugarri handiak daude prezioan. Airnuts pistatxoa da garestiena, 4,50 € balio du 100 gramo bakoitzeko, merkeenak halako hiru: Mios (1,19 €/100 g). Airnuts etxekoen osagai nagusiak fruitu lehorrak dira eta horrexegatik dira garestienak. Nutrizioaren ikuspegitik ez daude gaizki bi horiek, baina garestiegiak dira. Adibidez, 100 gramo almendra gordinek 1,30 € balio dute; hau da, merkeagoa da eta, gainera, osasungarriagoa. Frit Ravich etxekoa ere garestienen artean dago: 3,27 €/100 g. Hor ere osagaiek baldintzatzen dute prezioa: barazkiak eta olioa olioa ditu. Merkeenen artean, berriz, Mios eta Eroski daude (1,36 €/100 g). Azken horrek kalitate-prezio hobeak ditu, kopuru aipagarrietan dituelako ilar irina eta oliba olioa, eta oso gatz gutxi. Gainerakoen prezioa 1,55 eta 2,31 € artean dabil. Jarraitu irakurtzen Ondorioak Lehen begiratuan, produktu horiek osasungarriak dirudite, batez ere ontzietan ageri diren mezuengatik, non osagai hauek nabarmentzen diren: ilarrak, txia haziak, almendrak, osoko zerealak eta oliba olioa. Egia da batzuk “hobeak” direla konbentzionalak baino, batez ere gatz gutxiago dutelako eta osagaiek ezaugarri hobeak dituztelako. Baina irizpide hori ez da beti betetzen. Adibidez, Cuori etxeko produktuek irin finduak eta gatz kopuru handia dituzte; beraz, ez dira gomendagarriak. Badira ezaugarri onak dituzten produktu batzuk, adibidez Airnuts etxekoak, fruitu lehor askorekin eginak eta gatzik gabeak, baina aski garestiak dira. Egokiagoa litzateke, beraz, fruitu lehor osoak hautatzea, gatzik gabe, dezente osasungarriagoak eta merkeagoak dira eta. Badira, halaber, berez osasungarriak diren osagaiak nabarmentzen dituzten beste batzuk ere, ilarra adibidez, baina produktu osoa kontuan hartuta, oso proportzio txikian ageri dira, edo ez, behintzat, ontziko mezuek iradokitzen duten bezain kopuru handian; hori gertatzen da, esaterako, Snatt’s etxekoarekin, zeinak %32 duen ilar irina. Osagai mota nagusia, proportzioa, olio mota eta gatz kopurua kontuan hartuz gero, kalitate-preziorik onenak dituena Eroski etxekoa da: %43 du ilar irina, %14 oliba olioa, %0,2 gatza eta prezioa ere onenetakoa, 1,36 €-koa 100 gramo bakoitzeko. Jarraitu irakurtzen