IRAKURLE BOLUNTARIOAK irakurmena aztertu den (9-10 urtekoena). Horien arabera, Espainiako neska-mutilek zazpi puntu egin dute atzera 2016ko txostenarekin alderatuta, eta 521 puntu lortu dituzte, Europako batez bestekoaren (528) eta ELGAkoaren (533) azpitik. Gurekin hitz egin duten adituei ez zaie harrigarria gertatu. “Hau ez da herrialde irakurzalea, gero eta gutxiago irakurtzen da, eta irakurtzea da irakurmena lantzeko modu naturala”, dio Elena del Pilar Jimenez-Perezek. Ester Trigoren esanetan, berriz, mundu osoan ageri den joera bera da Espainiakoa. “Osasun arloko alarma egoeran bizi izan gara, eskolak itxi egin dira aldi baterako, eta ondorioz, eguneroko irakurmena ez da sistematikoki landu. Hala ere, ez dugu ezkorrak izan behar, azken urteotan goranzko joera izan baita ebaluazioetan. Atzerakada hori logikoa da, baina berreskuratu egin daiteke eskolaren eremuan egindako lanarekin”, adierazi du. Marta Lopez bat dator iritzi horrekin; Lecxit programako zuzendaria da (Bofill Fundazioaren hezkuntza arrakastarako irakurketa programa da), eta beste faktore batzuk ere aipatzen ditu, hala nola teknologia berriak orokortzea, ezagutzara iristeko modua edo informazioa azkar kontsumitzeko joera, eta horrek talka egiten du idatzizkoaren ulermenak eskatzen duenarekin: irakurketa lasaiagoa, kontzentrazioa behar izaten duena. Iritzi berekoa da Jose Antonio Marina filosofo eta pedagogoa. “Teknologia berrien, sare sozialen eta horietan nagusitu diren mezu laburren arrakastak berekin dakar mezu luzeekiko interes falta eta horiek ulertzeko zailtasuna. Hori arazo bat da, argudioak mezu luzeak izaten direlako; beraz, argudioak alde batera utzi eta esloganak, kontsignak, irainak, memeak... erabiltzen ditugu. Mugimendu bat sortu da adingabeek mugikorrak erabili ez ditzaten, eta uste dut ildo horretan lan egin beharko genukeela”, azaldu du. Kontsumo azkarreko munduan bizi gara. 15-30 segundoko bideoak, 280 karaktereko mezuak. Abiadura horretara ohituta, gero eta zailagoa da irakurketak eskatzen duen erritmo motelera jaistea. Horri gehitu behar zaio, App Anniek 2022an argitaratu duen txostenaren arabera (Estado Móvil), mugikorraren erabilera %30 handitu zela 2021ean, eta egunean batez beste 4,8 ordukoa dela pertsonako; hau da, esna egiten dugun denboraren herena. Hiperkonexio horrekin, ia ezinezkoa da irakurketak eskatzen duen arreta gaitasuna lortzea. NOLA HOBETU DAITEKE. Irakurmena hobetzeko, adituek oinarrizko behar bat aipatzen dute: hezkuntza lege adostua, non atal bat agertuko den irakurketa merezi duen tokian jarriko duena. Irakurketa sustatzeko balio dezan eta bai etorkizuneko irakasleen prestakuntzan laguntzeko ere. “Etorkizuneko irakasleak ez badira irakurzaleak, nekez transmitituko du haiek ez duten grina bat. Lanbide horretarako sarbidea zehazten duen lege berriak sendoagoa izan beharko luke. Zoritxarrez, bere azken proposamenak hizkuntza irakasgai bakarrera mugatzen zuen karrera osoan. Irakasle guztiak irakurle fidagarri eta sendo gisa prestatzea oso garrantzitsua da, eta eskandalagarria da hori barneratua ez izatea”, dio Jimenez-Perezek. Ildo beretik, Ester Trigok arlo horretan irakasleen etengabeko prestakuntza sustatu beharra aldarrikatzen du, bakoitzak irakasten duen ikasgaia gorabehera: “Beharrezkoa da irakasle guztiek estrategiak prestatzea oro har gaitasun komunikatiboa lantzeko eta zehazki idatzizkoaren ulermena hobetzeko. Irakurketa lantzea ez da hizkuntzaren arloko irakasleen zeregina bakarrik”, adierazi du. Suedia, esaterako, bederatzigarren lekuan ageri da PIRLS txostenean, 544 punturekin, eta hango ikasleen emaitzek ere okerrera egin dute. Herrialde hartako gobernuak berehala erantzun du. Lotta Edholm Hezkuntza ministroak iragarri zuen bertan behera utziko duela ikasgeletako digitalizazio estrategia. “PIRLS txostenak esan digu Suediako eskoletan krisi bat dugula irakurketaren arloan. Etorkizunean, Gobernuak ikasliburu gehiago ikusi nahi du eta pantailei denbora gutxiago eskaini eskolan”, adierazi zuen argi eta garbi. Errua zenbateraino da pantailena? “Pantaila ez da arazoa; irakurketa-ereduak teknologien eskutik egin beharko du aurrera ezinbestean. Teknologiak, gainera, gure lagunak izan daitezke. Arazoa da ikaskuntza ereduak jolas gisa ulertu direla euskarri teknologikoa darabiltenean, eta hori akatsa da. Irakurketa irakurketa da, arreta eta ahalegin jarraitua eskatzen du, testuari buruz soilik, ez mugimenduan dauden irudiei buruz”, adierazi du AECLko lehendakariak. Ingurune digital hutsean hazi diren neska-mutilentzat, Ester Trigok aukera ontzat jotzen ditu fikziozkoak ez diren liburu ilustratuak (informatiboak) pantailen ordez, erakargarriak direlako: paperezko albumak dira, oso ondo egokitzen direnak garai hauetara, oso informazio interesgarria ematen dutelako gai jakin batzuei buruz, oso modu ikusgarri eta erakargarrian. “Liburu horiek osagarri ezin hobeak izan daitezke irakurketa digitalerako, antzeko irakurketa estrategiak proposatzen dituztelako; ezagutza zabaltzen duten espezialistek eginak dira, eta irudien bidez informazioa osatzen duten artistek”, azaldu du. ETA ZER EGITEN DUGU ETXEAN? PISA txosteneko datuak aspalditik ari dira zera nabarmentzen: zenbat eta liburu gehiago etxean, orduan eta irakurmen hobea eta emaitza akademikoak ere hobeak. PISA azterketan aldea 100 puntutik gorakoa izan daiteke etxean ia libururik ez duten adingabeen eta, aldiz, ugari dituztenen artean. Bestalde, Bofill Fundazioak emandako datuen arabera, gurasoekin etxean irakurtzen duten haurrek ikasturte erdiko abantaila daramate irakurtzen ez dutenen aldean. Bi ondorio horiek argi uzten dute zer egin daitekeen etxean. “Garrantzitsua da familiak ohartzea oso garrantzitsua dela seme-alabak irakurketara hurbiltzea, haiekin irakurzaletasuna lantzea, testuetan informazioa aurkitzen laguntzea, irakurtzen denari buruz hitz egitea, testu bat ulertzeko aktibatzen dugun ezagutza hori”, azpimarratu du Trigok. Garrantzitsua da, halaber, haurrak ipuin kontalarien saioetara, antzokietara, txotxongiloetara, tailerretara... eramatea, eta mahai jolasetan aritzea. Jolas horietan, txikiek irakurmena lantzeko tresnak aktibatu behar dituzte jolasteko. Elena del Pilar Jimenez-Perezen iritziz, berriz, funtsezkoa da gurasoek “eredu ona” ematea. Hau da, haiek ere irakurri egin behar dute eta seme-alabek ikusi egin behar dute. Eta, azkenik, motibatzaileak izan daitezela, aldez aurretik jakinik adin goiztiarretan irakurketa ez dela plazerarekin lotzen: “Ezinezkoa da pentsatzea 8 urteko neskato batek berez ahalegin bat eskatzen duen zerbaitekin gozatuko duela, mekanismoa oraindik ez duelako menderatzen. Plazera etorriko da aurrerago, baina lehenik entrenatu egin behar da garuna. Eta horretarako, behartu egin behar da, ahalegin bat egin. Orduan etorriko da plazera, eta zoriontasuna ere bai tarteka”, azaldu du. Jarraitu irakurtzen IRAKURLE BOLUNTARIOAK Bofill Fundazioak duela hamarkada bat jarri zuen martxan Lecxit programa. Boluntarioek parte hartzen dute bertan, eta astean egun batez, Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetako haurrekin elkartzen dira ikasturte oso batean ordubetez irakurtzeko. “Programaren asmoa da irakurketa une hori eskainiko dien familia ingurunerik ez duten haurrei zuzentzea jarduera. Baliabide bat eta leku bat da, eskolan irakurtzeak ekar dezakeen presiorik eta kargarik gabe irakurtzeko, epaitu gabe, galderak egiteko aukera baitute eta huts egiteko ere bai”, azaldu du Marta Lopez zuzendariak. Boluntarioek eta haurrek osaturiko 2.000 bikote baino gehiago mobilizatzen ditu programak ikasturte bakoitzean. Programaren eragina ebaluatzeko fasean dauden arren, badirudi emaitzak aski onak direla. Horixe antzematen dute, behintzat, irakasleek. “Badakigu Lecxiten parte hartzen dutenek programan parte hartzen ez dutenek baino zertxobait gehiago hobetzen dutela. Horrek ez du esan nahi ikasturtea amaitzen dutenean ikaskideen gainetik daudenik, programan parte hartzen dutenak egoera okerrago batetik abiatzen direla baizik, eta programak, nolabait, lagundu egiten die ikaskideen parera iristen”, adierazi du Lopezek. Jarraitu irakurtzen