ZERGATIK INPORTATZEN DIRA BESTE HERRIALDE BATZUETAKO PRODUKTUAK? etiketa gero eta gardenagoa denean. Errealitateak erakusten du, dena den, informazio hori sartzea ez dela beti erraza izaten. ESNEAREN ARAZOAK. Adibide bat. 2015. urtean, esnearen sektoreak –esnekien industriak eta nekazarien erakundeek– ia aho batez onartu zuen esnearen jatorriari buruzko informazioa ematea, kontsumitzaileen gehiengoak babesten duen neurria baita. Espainiako Nekazaritza Ministerioak proiektu bat landu zuen horretarako. Era horretan, kontsumitzaileek informazio gehiago izango lukete eta ekoizleek gehiago salduko lukete, eta horrek orekatu egingo luke balantza komertziala, Espainian inportatzen ziren esnekiak bertan ekoizten zirenak halako hiru baitziren. Baina Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak (CNMC) ezezkoa eman zion (Espainiako Ekonomia Ministerioaren mendeko erakundea da). Erakunde horrek txosten bat egin zuen, eta bertan adierazi zuen jatorria sartzea garrantzitsua izan zitekeela kontsumitzaileentzat, baina salgaien zirkulazio askea murriztea ekar zezakeela eta, beraz, lehia ere bai. Hori dela eta, adierazi zuen komenigarria zela “erabateko zuhurtziaz jokatzea horrelako betebeharrak sartzeko orduan”, eta Nekazaritza Ministerioari eskatu zion proposamena babestuko zuten arrazoiak hobeto justifika zitzala. Horretarako, inkestak egin zituen kontsumitzaileen artean, eta horrekin justifikatu zuen Europako Batzordearen aurrean esnearen eta esnekien jatorria adieraztea Espainian gehiengoak eskatzen zuen informazioa zela, eta, gainera, jatorrizko herrialdea aipatzea elikagaiaren kalitatearekin lotzen dela. Azkenik, neurria onartu egin zen, eta behartu egin zuen esnea jezteko herrialdea eta esnea eraldatzeko herrialdea adieraztera eta berdin jokatzera esnea %50 baino gehiago zuten produktuekin ere. Hori bai, neurria esperimentala izango zen, eta beraz, bi urteko aldi batean bakarrik egongo zen indarrean. Azkenean, 2019ko urtarrilean sartu zen indarrean eta 2025eko urtarrilaren 22a arte luzatu zen. Azken finean, elikagaien etiketan jatorriari buruzko informazioa sartzea eztabaida eragiten duen gaia da. Horregatik ez dira beti hartzen era horretako neurriak. PRODUKTU BERA, LEKU DESBERDINAK. Beste batzuetan, ez da erraza jakitea elikagaia nondik datorren. Imajina dezagun hartzeko prest dagoen kafezko edari bat: oso litekeena da kafe aleak herrialde batean bildu izatea, beste herrialde batean txigortu eta beste batean eho eta infusio gisa prestatu izatea ontzian sartzeko. Zein herrialde hartzen da jatorritzat? Oro har, elikagaia ekoizten herrialde batek baino gehiagok parte hartzen dutenean, azken eraldaketa edo funtsezko lanketa egin den horretan jartzen da produktuaren jatorria. Kafezko edari horretan, berez, eho, infusioa egin eta ontziratzen den herrialdea izango litzateke. Baina, bestalde, kafea da osagai nagusia, eta horregatik, alearen jatorria ere erakutsi beharko litzateke. Elikagaien jatorria arautzen duen legedia zertxobait anbiguoa da; interpretazioei lotuta dago, eta beti ez da erraza ulertzea kasu bakoitzean zer-nolako neurriak hartu behar liratekeen. Badira, bestalde, leku batetik etorri baina beste batetik datozela diruditen produktuak ere. Adibidez, gaileta kaxa bat, ontzian Espainiako bandera eta herrialde horretako monumentu tipikoen irudiak ageri dituena, baina egiaz Italian egina dagoena. Kasu horretan, horien benetako jatorria adierazi behar da (“Italia”), bestela nahasgarria izango litzateke eta. Imajina dezagun orain gaileta horiek, Espainiari loturiko motiboak erakusten dituen kutxa horretan datozela eta benetan herrialde horretan eginak daudela, baina osagai primarioa, irina alegia, Italiatik heldu dela. Egoera horretan, adierazi egin behar litzateke irinaren jatorria. Osagai primarioaz ari garenean bakarrik ezartzen da irizpide hori, hau da, osagai horrek elikagaiaren %50 baino gehiago hartzen duenean edo osagai hori produktuaren izenarekin lotzen dugunean. ZER GERTATZEN DA JATORRIA EZ DEN LEKU BAT AIPATZEN DENEAN? Batzuetan, era askotako leku geografikoak aipatzen dituzten produktuak aurki ditzakegu. Horrek pentsaraz diezaguke nahitaez erakutsi behar dutela jatorrizko herriari edo lekuari buruzko informazioa, baina erreferentzia horien helburua ez bada kontsumitzaileari jatorriari buruzko informazioa ematea, ez da nahitaezkoa. Demagun, adibidez, “har ezazu parte Frantziara bidaiatzeko zozketan” esaldia ageri duen produktu bat daukagula, eta herrialde horretako bandera bat ere ageri duela. Mezu horiek ez dira elikagaiaren jatorriari buruzkoak; beraz, ez da nahitaezkoa jatorria adieraztea, non eta ez den engainuz egiten edo ez duen oker ulertzeko bidea ematen. Elikagaiaren izena osatzen duten leku geografikoen izenak ageri dituzten prestakinen edo elikagaien kasuan, ez da nahitaezkoa jatorria adieraztea. Adibidez, Frankfurteko saltxitxak, Asturiasko fabada, Madrileko eltzekoa, Iruñeko txorizoa edo Dijongo ziapea... Marka erregistratu batek leku geografiko bati egiten badio erreferentzia, ez dago beharturik jatorria adieraztera. Adibidez, La Asturiana garbantzuak. Jarraitu irakurtzen ZERGATIK INPORTATZEN DIRA BESTE HERRIALDE BATZUETAKO PRODUKTUAK? 1/ Batzuetan errentagarriagoa izaten da. Kontraesana dirudi elikagai bat munduko beste muturretik ekarri eta errentagarriagoa izatea lurraldean bertan ekoitzi dena baino. Baina batzuetan hala izaten da. Eskala handiko ekoizpenaren ondorio izaten da hori, kostuak murriztu egiten dituelako; garraioaren prezio baxuak ere badu eragina, baita herrialde horietan izaten diren lan baldintzek ere, batez ere soldata txikiek. 2/ Eskariari erantzuteko. Batzuetan, tokiko ekoizpena ez da nahikoa eskaera guztiari erantzuteko. Hori gertatzen da, adibidez, lekale askorekin. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren arabera, 2017an 42.100 tona dilista kontsumitu ziren Espainian, baina 24.400 tona baino ez ziren landatu; beraz, gainerakoak inportatu egin behar izan ziren, eta hori Estatu Batuetatik, Kanadatik edo Argentinatik egin ohi da, adibide batzuk jartzearren. 3/ Urte sasoien mugak gainditzeko. Fruta batzuekin gertatzen da batez ere. Laranjena da adibide argienetakoa. Espainian ekoizten dena urriaren amaieran eta azaroaren hasieran iristen da merkatura. Baina irailaren hasieran ere eros ditzakegu laranjak, beste herrialde batzuetatik inportatzen baitira, hala nola Hegoafrikatik, non ekoizpena aurreratu egiten den. Eta berdin gertatzen da beste fruta askorekin ere, adibidez meloi eta sandiekin. Hori ez da egiten elikagai horiek denbora gehiagoz eduki ahal izateko soilik, enpresa eraldatzaileetan lehengaien hornidura ziurtatzeko ere egiten da. Adibidez, piperrak ontziratzen dituen enpresa batek zailagoa izango luke bere jarduerari urte osoan eustea, tokiko ekoizpena urria eta garestia den garaietan lehengai horiek beste nonbaitetik inportatuko ez balitu. 4/ Gure inguruan ohikoak ez diren produktuak eskura izateko. Arrazoi kultural, klimatiko edo bestelakoengatik gure lurraldean ekoizten ez diren elikagaiak eskuratzeko inportatzen dira. Adibidez, beste herrialde batzuetako gastronomiaren osagai exotikoak, hala nola wasabia edo kombu alga, edo pitahaya, marakuia eta gisako frutak. Jarraitu irakurtzen