Notariotzan tramitea egitea ez da bereziki garestia: 60 euro ingurukoa izaten da eskrituraren prezioa. Ondasunak banatzeaz gain, bikoteak beste itun batzuk sartu nahi baditu hitzarmenean, izaera pertsonalekoak edo ondareari dagozkionak, egokiena izaten da ezkontza gaietan aditua den abokatu batengana jotzea. Kasu horretan, prezioetan alde izugarria dago: 250 eurotik 2.000 eurora bitartekoa izan daiteke, ordainsariak aldatu egiten direlako bufete bakoitzaren eta kasuen konplexutasunaren arabera. ZER SAR DAITEKE? Ezkontza hitzarmenek ia era guztietako itunak izan ditzakete. Pablo Espinosa abokatua da, Debelare Abogados bulegoaren sortzaileetako bat, eta honako hauek aipatu ditu: “Elkarbizitza arauak, aurreko ahaideak laguntzeko eta zaintzeko betebeharrak, enpresa kontuak, adibidez familia negozioetako protokoloak…”. Ondareari buruzko beste kontu asko ere sar daitezke, hala nola ezkontzagatiko dohaintzak –edozein pertsonak, senar-emazteek barne, elkarketa ofiziala egin baino lehen ezkontide baten edo bien alde egiten dituztenak–; kalte-ordainak, desleialtasun egoerak gertatuz gero; laguntza bidezko ugalketa-tekniken zorrak ezkontide bakar batek bere gain hartzea; familiaren etxebizitza erabili eta banatzeko moduak; biziarteko errenta batzuk, eta beste hainbat. Pablo Espinosa abokatuak gogorarazi du Kode Zibilak ezartzen duela muga; hau dio hitzarmenak arautzen dituen araudiak, 1.328. artikuluan: “Baliogabea izango da legeekin eta ohitura onekin bat ez datorren edozein baldintza edo ezkontide bakoitzari dagozkion eskubideen berdintasuna mugatzen duena”. ZER GERTATZEN DA SEME-ALABEKIN? Ezkontza hitzarmenek testamentuari lotutako arauak izan ditzakete eta bikote krisi baten aurrean zenbait alderdi arautzen laguntzeko itunak ere bai, hala nola seme-alaben zaintza mota. Azken hitza, dena den, epaileak izango du beti, eta ulertzen badu hitzarmenetan ageri den hautuak adingabearen interesei kalte egin diezaiekeela, beste erregimen bat ezartzeko ahalmena izango du. Hala ere, lagungarria da ezkondu aurretik seme-alaben zaintza hitzartzea. “Oso garrantzitsua da ezkontideen borondatea zein den jakitea, libreki adierazten dutena gatazka edo liskarra oraindik sortu ez denean”, oroitarazten du Espinosak. Epaileak, gainera, errespetatu egin behar ditu, batez ere, bikoteak onartu dituen akordio horiek, eta seme-alabentzat edo alderdietako batentzat kaltegarriak badira soilik aldatu edo moldatu ahal izango ditu. Halakoetan, arrazoitu eta egiaztatu egin beharko du prozedura judizialean, ezin baitu besterik gabe erabaki kaltegarria izan daitekeela. Bada beste alderdi garrantzitsu bat ere: ezkontza hitzarmena beti eskritura publiko bihurtu behar da; izan ere, akordioak hirugarrenen interesetan eragin dezakeenez, legeak publizitatea ematera behartzen du. Eta ezkontza hausten denean bakarrik izango ditu ondorioak. Hitzarmenak, gainera, ez dira aldaezinak: edozein unetan alda daitezke, baita baliogabetu ere. DIRUA, GATAZKA ITURRI. Bikote bakoitza mundu bat izan arren, abokatuek onartzen dute ezkontza hitzarmenak modu errealista bat direla erlazioari aurre egiteko. “Ezkontideek berek ezartzen dute, eta ez hirugarren batek, zein izango den araubidea haustura gertatzen denean. Horrek arindu egiten ditu tramiteak, eta denbora eta dirua aurrezteko balio du, murriztu egiten direlako auzi-prozeduraren kostuak”, adierazi du Oscar Martinez Familia Abokatuen Espainiako Elkarteko kideak. Ezkontzako puntu guztiak hasieratik ondo araututa daudenez, murriztu egiten dira banantzearen kostu ekonomiko eta emozionalak, halakorik iristen bada. Lehenago dibortzio bat bizi izan duten pertsonek ezkontza hitzarmenak egiten dituzte gauzak lotuta uzteko bigarren aldiz ezkondu baino lehen. 2013az geroztik, aukera hori zabaltzen ari da , eta 2020an baino ez da eten, pandemiaren urtean. Notariotzaren Informazio Estatistikoaren Zentroak adierazi duenez, 2022an 63.152 hitzarmen erregistratu ziren, aurreko urtean baino %19,6 gehiago. “Datuek iradokitzen dutenez, gero eta ohikoagoak dira, eta gero eta bikote gehiagok erabakitzen dute ezkontzaren aurretik edo ezkontza garaian ondareari eta arlo ekonomikoari dagozkion akordioak egitea, berez egin behar direnetatik harago [irabazpidezko sozietatearena da berez egin beharreko bakarra]”, dio txostenak. Izan ere, bikoteak izan dezakeen gatazka iturrietako bat finantzekin lotuta dago. Espainiako Estatuan, irabazpidezko ondasunen sozietateari atxikitzen zaizkio hamar ezkontzatatik sei oraindik ere. Askok planteatu ere ez dute egiten ondasunak banatzeko aukera; autonomia erkidego batzuetan, dena den, horixe bakarrik dago indarrean, Katalunian, Aragoin, Balear uharteetan, Nafarroan eta Infanzonatuko edo Bizkaiko Lurralde Lauko udalerrietan, esaterako (EAE). Irabazpidezko erregimenari eustea akatsa izan daiteke, adituek diotenez. Horregatik da garrantzitsua bi aldeek adostea ondarea nola erabiliko duten elkarrekin bizi direnean. “Askori iruditzen zaie ezkontzaren aurreko hitzarmen horiek afektu falta islatzen dutela, bikotearen zati baten inplikazio falta”, onartu du Jorge Barraca psikologoak. Ezkontideen artean ere, gaizki-ulertuak sor ditzake diruak. Gai sentibera eta delikatua denez, mesfidantza eragin dezake beste pertsonarekiko. Barracak argi dauka diru kontuak argi gelditu behar duela harremanaren hasieratik, “hasieran dena oso erraza eta politegia delako, baina okertu egin daiteke”. “Ezin dugu ezertxo ere egintzat eman. Gaia landu ez bada edo inoiz eztabaidatu ez bada, badakigu diruak gatazkak sortuko dituela”, erantsi du Barracak. Azken finean, bikote izateak esan nahi du bizitza proiektu bateratua dutela, eta hor gastu eta inbertsio batzuk daude ezinbestean: seme-alabak, heziketa, etxebizitza, elikadura, aisialdia… “Arazo ekonomikoak ezin dira tabua izan eta modu argian konpondu behar dira. Alderdi horiei buruz legeak zer dioen jakitea beti da onuragarria”, nabarmendu du. ZEIN EZKONTZA-ERREGIMEN EKONOMIKO DA NAGUSIA ESPAINIAKO ESTATUAN? Jarraitu irakurtzen ZEIN EZKONTZA-ERREGIMEN EKONOMIKO DA NAGUSIA ESPAINIAKO ESTATUAN? Zuzenbide Zibilak automatikoki ezartzen du irabazpidezko sozietatearen ezkontza araubidea. Hala ere, Katalunian, Balearretan, Nafarroan, Aragoin eta Bizkaiko eskualde batzuetan (Euskal Autonomia Erkidegoa), foru zuzenbideak ezartzen du ezkontzaren araubide ekonomikoa, eta horrek berezitasun batzuk ditu. Gainera, Badajoz probintziako 19 herritan eta Ceuta hiri autonomoan, Baylio-ko Forua izenekoa ezartzen da, eta horrek erdibitu egiten ditu bikoteak ezkontzari ematen dizkion ondasunak ezkontza-sozietatea desegiten denean. Ezkontideek, hala ere, beste edozein ondare-araubide erabil dezakete ezkontza hitzarmenen bidez. Jarraitu irakurtzen