Nutrizionisten erantzunak, gauzak argiago eduki ditzagun. Murriztu al daiteke elikadura arloko alergiak izateko arriskua haurren artean? Amaren esnea hartzeak edo alergenikoak izan daitezkeen elikagaiak lehenbailehen sartzeak murriztu egin dezake arriskua. Kafea limoiarekin hartzeak lagundu egiten al du pisua galtzen? Ez dago argaltzeko gaitasuna duen elikagairik. Uste okerrak eta oinarririk gabeak dira. OREKAN Murriztu al daiteke elikadura arloko alergiak izateko arriskua haurren artean? Amaren esnea hartzeak edo alergenikoak izan daitezkeen elikagaiak lehenbailehen sartzeak murriztu egin dezake arriskua. Elikagaiek eragindako alergiak immunitate sistemaren neurriz kanpoko erreakzioak izaten dira; irentsi dugun elikagai bat okerreko mehatxutzat jotzen du, eta ondorioak oso larriak izan daitezke. Haurren artean alergia gehien sortzen duten elikagaiak ohikoak izaten dira —esnea, arrautza, garia, kakahueteak eta fruitu lehorrak—, eta horrek zaildu egiten du horiek maneiatzea, osagai gisa maiz ager daitezkeelako edo platerak kutsa ditzaketelako. Jarraibide batzuk lagungarriak izan daitezke alergiak saihesteko, eta hori bereziki garrantzitsua da zuzeneko ahaideren batek alergiak baditu, haurtxoak alergiak izateko aukera handiagoa delako. Adibidez, amaren esnea bakarrik hartzeak babestu egiten du. Gainera, jendeak uste duenaren kontra, alergenikoak izan daitezkeen elikagaien sarrera atzeratzen bada, arriskua areagotu egin daiteke. Hori dela eta, Ameriketako Pediatria Akademiaren gomendioa da ez atzeratzea, betiere haurren elikagaiak sartzeko egutegiak errespetatuz. Gainera, haurdunaldian edo bularra emateko garaian amaren dieta murriztea eraginkorra dela esateko ebidentziarik ez dago. Jarraitu irakurtzen Kafea limoiarekin hartzeak lagundu egiten al du pisua galtzen? Ez dago argaltzeko gaitasuna duen elikagairik. Uste okerrak eta oinarririk gabeak dira. Sare sozialetan modan jarri da konbinazio hori, pisua jaisteko trikimailu hutsezina balitz bezala, baina arreta eta jarraitzaileak erakartzeko amu bat baino ez da, eta mezu errazegia darabil faktore ugarik baldintzatzen duten arazo bati konponbidea emateko. Ez dago oinarri zientifikorik elikagaien konbinazio hori eraginkorra dela baieztatzeko; izan ere, berez ez dago argaltzeko gaitasuna duen elikagairik. Ez da egia, halaber, bi elikagai horietako bakoitzak bereiz hartuta ere eragin hori izan dezakeela. Ikerketa zientifikoen arabera, kafeinak handitu egin dezake oinarrizko tasa metabolikoa (bizirik irauteko eta energia iturri gisa gantza gehiago erabiltzeko gastatzen dugun energia kantitatea da), baina eragin hori txikia da, eta ez du benetako garrantzirik gorputz pisuan. Limoiari dagokionez, berriz, “desintoxikatzailea” dela edo “gantza erretzen” duela esaten da, baina uste okerrak eta funtsik gabeak dira horiek. Kafea limoiarekin hartzeak argaldu egiten duela esatea mitoak eta zientzia txarra elkartzea baino ez da. Jarraitu irakurtzen