Nola finkatzen da horien balioa? Zer egin dezaket horiekin? Non eta nola metatzen dira? Zer-nolako arriskuak dituzte? Kriptotxanponen berri eman behar al da Errenta Adierazpenean? KRIPTOTXANPONAK Nola finkatzen da horien balioa? Baldintza batzuen araberakoa izaten da kriptotxanponen prezioa: eskaintza eta eskaria, ziklo ekonomikoak (goranzko eta beheranzko aldiekin) eta hirugarrenen esku-hartzea (pertsonaia aipagarriek txanpon baten aldeko apustua egin dezakete haren balioa puzteko, edo “balea” handiak edo kriptotxanpon metatzaileak ager daitezke, merkatuetan eragina izan dezaketenak beren aktiboak modu masiboan erosiz edo salduz). Zer egin dezaket horiekin? Finantza sistema gainbegiratzen duten Europako agintariek diotenez, kriptotxanponak aktibo “arriskutsuak” eta “espekulatiboak” dira, eta, beraz, txikizkako inbertitzaileei ez diete gomendatzen inbertsio edo ordainketa bide gisa erabiltzerik. Hala ere, kriptotxanponetan inbertitu nahi badugu, zorroa dibertsifikatzea gomendatzen dute arrisku hori murrizteko, stablecoin, bitcoin eta altcoin direlakoak erosita. Hurrengo pausoa da zer-nolako estrategia erabiliko dugun erabakitzea: denboran metatuz joango garen, saldu gabe eta balioa handitu edo erortzean (holding) bat-bateko erabakirik hartu gabe; garesti salduko dugun eta kriptotxanpon merke gehiago erosiko, merkatuaren azterketa teknikoaren arabera (trading); edo inbertsio hori mailegatu eta izoztu egingo dugun aldi jakin baterako, interesen truke (staking), zeina epe finkoko inbertsio baten antzeko zerbait izango litzatekeen. Non eta nola metatzen dira? Kriptottxanponak birtualki gordeta geratzen dira blockchain esaten zaion horretan, baina hainbat ingurunetan erabil ditzakegu. Eragiketak egiteko asmorik ez badugu, eta kriptotxanpon bat epe luzera pilatzea eta gordetzea bada gure nahia, agian ez dugu hirugarrenen esku utzi nahiko, horrek dakarren arriskuarekin eta komisioekin. Inbertsio hori pertsonalki kudeatu nahi duenak billete-zorroak edo diru-zorroak (wallet) erabil ditzake: kudeaketa softwareak dira, eta kontu bat eta giltza bat (pasahitza) sortzeko aukera ematen dute, exchangean erosi ditugun funtsak bidali eta jasotzeko. Diru digitala gordetzeko diru-zorro kriptografikoak, bestalde, beroak izan daitezke (hot wallet), hau da, sarera konektatuak (XMask, Exodus eta Trust plataformak adibidez), edo hotzak (cold wallet), gakoak kanpoko gailu elektroniko batean mantentzen dituztenak (adibidez, Ledger, Trezor eta Coldcard Wlo); gailu hori ez da egoten Internetera konektaturik, eta seguruagoa izaten da eta babestuagoa egoten da. Billete-zorroa galtzen badugu edo pasahitzak ahazten baditugu, galdu egingo dugu inbertsio guztia. Zer-nolako arriskuak dituzte? Kriptotxanponen merkatua lurrunkorra da, deszentralizatua, itzulezina eta aurrez antzeman ezinezkoa. Inbertitzaile bakoitzak hobeto edo okerrago jasango du arriskua, baina gomendio nagusia da emozioak alde batera uztea eta FOMOn ez erortzea (“zerbait galtzeko beldurra” ingelesezko siglekin esanda, non aukera on bat galtzeko beldurrez arrapaladan erosteko joera agertzen den) edo FUD delakoan (“beldurra, ziurgabetasuna eta zalantza”, non merkatuaren gaineko informazioek eta desinformazioek eraman egiten duten norbera, eta presazko finantza erabakiak hartzen dira). Arriskuak saihesteak esan nahi du exchange kaudimenduna aukeratzea (nahiz eta hedatuenen inguruan ere badiren errezeloak kaudimenari buruz), epe luzeko inbertsio estrategia diseinatzea, behar dugun dirua ez inbertitzea, gakoak pertsonalki zaintzea, iruzurrezko iragarkiei eta gezurrezko exchangeei ez men egitea, ezta iruzur piramidalei eta phishing kanpainei ere. Kriptotxanponen berri eman behar al da Errenta Adierazpenean? 2023ko apirilean argitaratu zen Espainian kriptotxanponei buruzko 249/2023 Errege Dekretua, 2024ko Errentaren kanpainan eragina izango duena. 50.000 eurotik beherako kriptoaktiboak dituzten zergadunek ez dute aitorpena egin beharrik izango, baina kopuru hori gaindituta, hiru atal bete beharko dituzte aitorpenean: 721 eredua, kriptotxanponak dituztela adierazteko, eta 172 eta 173 ereduak, abenduaren 31n duten saldoarekin bat eta egin dituzten eragiketekin bestea. Euskal Autonomia Erkidegoko inbertitzaileek, PFEZren arloan eskumen propioa duten foru ogasunen mende daudenek, ondare irabazi gisa eta ondare zerga gisa aitortu behar dute inbertitzaileak duen diru kopurua. Hala ere, espero da 2024an araudi berriak sortuko direla, eragiketak eta kriptotxanponen bidez lortutako etekinak nola aitortu zehaztuko dutenak. Gainera, 2025etik aurrera Europako Parlamentuak onartutako Markets in Crypto Assets (MiCA) araudia indarrean sartzea espero da, Europako Batasuneko kriptotransferentziak arautuko dituena eta inbertitzaileen eskubideak babesteko modua bilatuko duena.